Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina antolatu dute eskualdeko 18 udalerrik
Tolosa, Villabona, Zizurkil, Ibarra, Aduna, Alegi, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Orendain eta Orexa dira euren herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi dituzten udaletxeak. Elkarlanean "Egizu deklarazioa euskaraz" kanpaina jarri dute martxan. 9.000 eskuorri atera dituzte: herri gehienetan etxez-etxe banatuko dira, eta beste batzuetan herritarren eskura jarriko dituzte horretarako egoki diren guneetan. Kutxa eta Euskadiko Kutxak ere euskararen aldeko jarrera azaldu dute, eta bertan eskuragarri jarriko dituzte eskuorriok. Galtzaundiko bazkideek ere alearekin batera jasoko dute eskuorri hau etxean. Bertan, errenta aitorpena euskaraz egiteko bideak azaltzen dira, eta baita urteroko tramitazio hau euskaraz egiten duten herritarren portzentaiak ere: Tolosaldean %12k egiten du errenta aitorpena euskaraz, portzentaia altuenak UEMAko kide diren herrietan ematen direlarik: Altzon %26.96, Orexan %26.86, Amezketan %26.50, Orendainen %24.72, Elduainen %21.25, Adunan %21.21, Leaburu-Txaraman %20.70 eta Baliarrainen %20. Lizartzak ez du kanpaina honetan parte hartu, baina bertako herritarrengan oso zabaldua dago errenta aitorpena euskaraz egiteko ohitura, %27.05era iristen baitira.
Portzentaiak igotzea helburu
2009ko errenta aitorpenean portzentaia hauek igotzea da kanpainaren helbururik behinena. Bide batez, herritarrak erakunde publikoekiko harremanetan euskara erabiltzeko ohitzea nahi da, kanpainaren sustatzaileen iritziz, "paper kontuetan" gaztelania erabiltzeko tendentzia nabarmena baita.
"Euskaraz egin nahi duzula adierazi"
Eta nola egiten da errenta aitorpena euskaraz? Galdera honi ere erantzuten dio kanpainak: Internetez egiteko, www.gipuzkoa.net web gunera jo behar da, eta bertan euskaraz egin nahi duzula adierazi behar duzu; era mekanizatua aukeratzen dutenek, lehenik hitzordua eskatu behar dute telefonoz edo internet erabiliz, eta eskaera egitean euskaraz egin nahi dela adierazi behar da; etxean aldundiaren autolikidazio proposmena bidalduz gero, internetez edo telefonoz hau berrestean adierazi behar da; azkenik, aitorpena gestoria batekin igeten dutenen kasuan, gestoriakoari adierazi behar zaio tramitazioa euskaraz egiteko nahia.
Hilaren 16an egin zen kanpainaren aurkezpena Anoetako udaletxean. Bertan izan ziren ekimena sustatu duten udalerrietako ordezkariak, eta eurek eman zuten kanpainaren berri. Tartean zen baita ere Kontseiluko Tolosaldeko arduraduna, Juanlu Aranburu. Berak euskaraz bizitzeko konpromisoa arlo guztietara eraman behar dela adierazi zuen. Errenta aitorpena da arlo horietako bat. Bestalde, kanpaina hau eredugarritzat jo zuen, udalerriak, erakundeak eta euskalgintzako eragileak elkarlanean aritu direlako.
Herriko 21 enpresaren hizkuntza portaeraren datuak bildu ditu Adunako Udalak
Galtzaundirekin sinatutako hitzarmenaren bidez eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen aholkularitzapean, Adunako enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko lehenengo urratsa eman du Udalak. Egitasmoaren baitan, Galtzaundiko teknikari bat harremanetan jarri da herriko enpresekin eta, bertako arduradunen laguntzaz, euskararekin nola jokatzen duten jaso du. 21 enpresatako datuak bildu dituzte, eta, etorkizunari begira, nolako laguntzak eskainiko dituen aztertzen ari da Udala. 
ABIZENAK EUSKARAZKO GRAFIAZ JARTZEKO KANPAINA JARRI DU ABIAN UEMAK
Galtzaundik eta Adunako Udalak hitzarmena sinatu dute bertako lan munduan euskara planak sustatzeko
Nafarroa Oinez festara joateko autobusak
Aurten Etxarri-Aranatz-eko Ikastola arduratuko da Nafarroa Oinez festa antolatzeaz. Urriaren 18an ospatuko da jaia, eta bertara joateko autobusak antolatu ditu Galtzaundik. Izena emateko epea zabalik dago jada. 
Hemen dira Gipuzkoa eta Nafarroako euskararen aldeko jaiak
Etxarri Aranatzen ospatuko den Nafarroa Oinez 2009ra joateko autobusak jarriko ditu aurten ere Galtzaundik. Gerturatu zaitez gure egoitzara izena ematera.

Eskualdeko UEMAko herrietako euskaltegietako matrikulazio kanpaina
Eskualdeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalek babesa adierazi diote Aitzol Tolosako udal euskaltegiak eta Andoaingo AEK-k abian jarri duten matrikulazio kanpainari. Aurten, udalak ahalegin berezia egiten ari dira herriz herri ikasle taldeak sortzeko, eta, horretarako, udaletxeetan izena emateko aukera eman dute, diru laguntzak eskaintzeaz aparte. Helburu nagusiak hauek dira: erdaldunak euskarara hurbiltzea eta euskaldun alfabetatugabeek alfabetatze taldeetan izena ematea 
Dagoeneko martxan da eskualdeko UEMAko herrietako merkataritza kanpaina. Eskualdean zazpi herrietako establezimenduek jaso dituzte bisitak: Leaburu-Txarama, Ikaztegieta, Irura, Anoeta, Alegia, Aduna eta Altzo. UEMAko Tolosaldeko beste herrietan berriz, irailean gauzatuko da merkataritza kanpaina.

Baztandarren Biltzarrera joateko autobusak
Galtzaundi Euskara Taldeak, uztailaren 19an, Elizondon ospatuko den Baztandarren Biltzarrera joateko autobusak antolatu ditu. Autobusak goizeko 9:00tan irtengo dira Tolosako Tren geltokitik eta itzulera, arratsaldeko 19:00tan izango da.

Tolosaldeko euskararen semaforoa
Eskualdean, euskalgintzaren eremuan eta euskararen inguruan gertatzen diren notizia guztien berri emateko, Tolosaldean blog berria sortu dute. Blogaren helbidea, euskararensemaforoa.blogspot.com da.

Eskualdeko semaforoetan kartel batzuk agertu dira, "Semaforoak euskaraz" leloarekin (ikus argazkiak). Harrigarriena da kartelak ez dituela inork sinatu, eta inork ez duela bere gain hartu kanpaina hori. Oinezkoek zein gidariek harriduraz hartu dute kanpaina, eta herritarren artean hainbat hipotesi zabaldu dira, baina inork ez daki erabateko ziurtasunez nondik sortu den kartel horiek jartzea.

Harategiei zuzenduriko kanpaina eskualdean
Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriak, UEMAk eta Galtzaundik, beste eskualde batzuetako euskalgintzarekin elkarlanean eta udalen laguntzarekin, harategietako hornitzaileei zuzendutako kanpaina martxan jarriko dute.

Galtzaundik Ibilaldira joateko autobusak antolatu ditu
Maiatzaren 31ean ospatuko da Bizkaiko Ikastolen festa Galdakaon. Galtzaundik, autobusak antolatu ditu festaren ospakizunera joateko eta horretarako, Galtzaundiko egoitzan izena eman behar da. Anima zaitezte! 
Anbulatorioetan zerbitzua euskaraz eskatzeko agerraldia
Dagoeneko 11 dira mozioarekin bat egin duten udalak. Maiatzaren 7an, arratsaldeko 19:00tan, Villabonako anbulatorioan egindako agerraldian, Marimi Ugalde, Irurako alkatesak mozioa irakurri zuen. Euskalgintzako eragile desberdinen atxikimenduak jasotzeaz gain, EHEko eta Behatokiko ordezkariak ere bertan egon ziren. 
Alegia, Elduain eta Baliarraingo udalek bat egin dute osakidetzaren aurkako mozioarekin
Tolosaldean, UEMAko hamaika udalek onartu dute mozioa.
Mozioa jendaurrean irakurriko dute Villabonako anbulatorioaren aurrean, maiatzaren 7an, 19:00etan.

Gaztelu, Irura, Amezketa eta Ikaztegietako udalek ere onartu dute osakidetzaren aurkako mozioa
Gazteluko, Irurako, Amezketako eta Ikaztegietako udalek ere onartu dute Osakidetzaren aurkako mozioa. Horrenbestez, zortzi dira mozioarekin bat egin duten udalak, aurreko asteetan Adunako, Anoetako, Orexako eta Altzoko udalek ere onartu baitzuten mozioa. Aste honetan bertan, beste udal batzuek ere osoko bilkuretan eztabaidatu eta bozkatuko dute mozioa. Alegian eta Elduainen, adibidez, gaur bertan bozkatuko dute.

Galtzaundik eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlan hitzarmena sinatu dute
Apirilaren 28an, asteartean, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlan hitzarmena sinatu dute Ibarrako Kultur etxean. Hitzarmen honen bitartez hainbat ekimen martxan jarri dira eta guztiaren berri eman dute eskainitako agerraldian. 
Hizkuntza Eskubideen inguruko mahai-ingurua
Maiatzaren 3an, Ondarroan ospatuko den Hizkuntza Eskubideen Egunarekin loturik, mahai-ingurua egingo da, apirilaren 29an, arratsaldeko 19:30ean, Villabonako zineko erakusketa gelan. 
Galtzaundi Euskara Taldearen eta Behatokiaren arteko hitzarmena
Apirilaren 28an, asteartean, arratsaldeko 16:00tan, Ibarrako Kultur etxean, Galtzaundi Euskara Taldearen eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arteko elkarlan hitzarmena sinatuko da. Bertan, elkarlanaren nondik norakoak azalduko dira, baita martxan jarrita dauden ekimenak ere.

"Euskaraz seguruago" kanpaina ere Tolosaldean
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren elkarteak abiatu duen Euskaraz seguruago kanpainaren berri eman dute. Egitasmo honen bitartez euskararentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi dira, bizitza normaltasunez egiteko. Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu, baina nabarmenak dira egunero topatzen ditugun ezintasunak. Horien adibide dira aseguru-etxekin izaten ditugun hartu-emanak. "euskaraz seguruago" kanpainaren helburua da aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz ere jasotzea 
VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatuko da Ondarroan
"Euskaraz biziz Euskal Herri euskalduna eraiki" lelopean ospatuko da, maiatzaren 3an, Ondarroan VI. Hizkuntza Eskubideen eguna. Egun osoan euskaraz bizi eta gozatzeko egitarau zabala izango da, kale animazio, herri-bazkari, ikuskizun, gune, kontzertu eta abarrekin. Zesatek! Eta Trikizio taldeak izango dira oholtza gainean. Eguneko leloa ozen aldarrikatzeko manifestazioa eta ekitaldi nagusia ere izango dira bazkalaurrean 
Aduna, Anoeta, Orexa eta Altzoko Udalek onartu dute osakidetzaren aurkako mozioa
UEMAk proposatuta, Adunako, Anoetako, Orexako eta Altzoko udalek Osakidetzaren azken lanpostu deialdiaren aurkako mozioa onartu dute, udal guztietan aho batez. Izan ere, Osakidetzak ez du bermatu eskualdeko anbulatorioetan lanean hasiko diren langile berriak tratua euskaraz emateko gai izango direnik. Tartean, familia medikuak eta erizainak daude, eta deialdiak eskualdeko UEMAko herri gehienei eragiten die.
Hilabetea amaitu aurretik, UEMAko udal gehienetan landuko dute mozioa, eta maiatzaren 7an mozioa jendaurrean irakurriko dute.
Galtzaundik egindako ekoizpenak
Helbidea: Nafarroa etorb., 6; 20400 Tolosa
Tel.: 943 655 004
e-posta: erredakzioa@galtzaundi.com
Laguntzaileak: