II. Ibarra Galtzakomik komiki lehiaketa
Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako Udalarekin elkarlanean eta Joseba Antxustegietxarte komikilariaren laguntzaz iaz komiki lehiaketa antolatu zuen. Iazko lehiaketak izan zuen arrakasta ikusirik eta parte hartzearen interesa ikusirik aurtengoan “II. Ibarra Galtzakomik 2009” komiki lehiaketa iragartzen du, hurrengo oinarrien arabera:
Edozeinek parte hartu ahal izango du, bakarka, hiru kategorietan.
Gaia librea izango da, baina ez da onartuko eduki bortitz, sexista edo arrazista duen komikirik eta dena delako arloan intolerantziazko jokabiderik eragin dezakeenik.Pertsonai guztiek jatorrizkoak eta argitaragabekoak izan beharko dute, autoreak berak sortutakoak eta euskara hutsean izan behar du.
Lehiaketan jatorrizko lana aurkeztu behar da eta baita ordenagailuaren bidez sortu edo tratatuak izan direnak ere. Kasu hauetan orri bakoitzeko inpresio bat aurkeztu beharko da, A-4 neurrikoa eta gutxienez 300 ppp-ko kalitatekoa izan beharko du.
Lan bakoitzak A-4 neurriko lau orri izango ditu gehienez, eta formatu bertikalean aurkeztu beharko dira. Lau orri hauetan istorio bakar bat edo istorio batzuk aurkeztu ahal izango dira.
Lanak zuri-beltzean edo koloretan aurkeztu ahal izango dira euskaraz.
Autorearen izenik ezin da jarri aurkeztutako komikian. Gutun-azalean aurkeztuko dira lanak, sinadura eta izenik gabe, izenburu batekin. Autorearen datuak (izena, telefono zenbakia, lanbidea, adina, helbidea eta komikiaren izena) beste gutun-azal batean aurkeztuko dira, izenburu berarekin. Bigarren gutun-azal hau lehenengoan sartuta aurkeztuko da.
LANAK NON ETA NOIZ
Lanak Galtzaundiko egoitzan aurkeztu ahal izango dira edo postaz helbide honetara bidaliko dira:
GALTZAUNDI EUSKARA TALDEA
"IBARRA GALTZAKOMIK" KOMIKI LEHIAKETA
NAFARROA ETORBIDEA 6 BEHEA
20.400 TOLOSA (Gipuzkoa)
Aurkezteko epea 2009ko irailaren 10etik azaroaren 10era izango da. Epearen azken egun honetan postetxean aurkeztutako lanak ere onartuko dira (zigilu-markak ziurtatuko du data hau).
Saritutako lanekin eta komiki lehiaketan jasotako lanekin erakusketa bat antolatuko da urtarrilean Ibarrako kultur etxean. Erakusketa hau amaitu ondoren, 30 eguneko epearen barruan, sarituak ez diren autore guztiek hartu ahal izango dituzte haien lanak. Epe hau bukatu eta gero, eskatuak izan ez diren lan guztiak Galtzaundiren artxibora pasatuko dira.
KATEGORIAK:
12 urtetik behera
12 urtetik 18 urtera bitarte
18 urtetik gora
Sariak 12 urtetik behera:
Komiki bilduma eta marrazketarako materiala eta argitalpena papelean eta web gunean.
Sariak 12 urtetik 18 urtera bitartean:
Lehenengoa: 400,00€ eta argitalpena paperean eta web gunean.
Bigarrena: 200,00€ eta argitalpena papelean eta web gunean.
Sariak 18 urtetik gora:
Lehenengoa: 600,00€ eta argitalpena paperean eta web gunean.
Bigarrena: 400,00€ eta argitalpena papelean eta web gunean.
Egile bakoitzak sari bakarra eskuratu ahal izango du. Epaimahai aditu batek lanik onenak aukeratuko ditu.
Lehen saria eskuratzen duenak nahitanahiez etorri beharko du sariak banatzeko ekitaldira, pisuzko arrazoiren bat ez bada.
Saritutako lanekin komiki-aldizkari bat kaleratuko da koloreetan.
SARI BANAKETA
Sari banaketa 2009.ko abenduaren 11ean arratsaldeko 19:30ean izango da Ibarrako Kultur Etxean.
Epaimahaiaren ustez lanek ez badute eskatutako kalitaterik, sariak eman gabe utzi ahal izango dira.
Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri guzti hauek onartzen direla esan nahi du.
Lehiaketa honi buruzko informazio gehiago Galtzaundi Euskara Taldean (943 655004, kultura@galtzaundi.com, www.galtzaundi.com) edo Ibarrako udaletxeko euskara sailean ( 943 673827, euskara@ibarrakoudala.net).
EPAIMAHAIA:
Joseba Antxustegietxarte (Galtzaundiko komikilaria)
Juanba Berasategi (marrazki bizidunen marrazkilaria)
Asisko Urmeneta (Argiako komikilaria)
Iñaki Martiarena "Mattin" (Berriako komikilaria)
Frantzisko Jabier Etaio (Garako komikilaria)
Iñaki Epelde (Tolosako margolaria)
Jose Luis Longaron (Tolosako margolaria)
Kike Amonarriz (Aurkezlea)
Herriko 21 enpresaren hizkuntza portaeraren datuak bildu ditu Adunako Udalak
Galtzaundirekin sinatutako hitzarmenaren bidez eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen aholkularitzapean, Adunako enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko lehenengo urratsa eman du Udalak. Egitasmoaren baitan, Galtzaundiko teknikari bat harremanetan jarri da herriko enpresekin eta, bertako arduradunen laguntzaz, euskararekin nola jokatzen duten jaso du. 21 enpresatako datuak bildu dituzte, eta, etorkizunari begira, nolako laguntzak eskainiko dituen aztertzen ari da Udala. 
ABIZENAK EUSKARAZKO GRAFIAZ JARTZEKO KANPAINA JARRI DU ABIAN UEMAK
Galtzaundik eta Adunako Udalak hitzarmena sinatu dute bertako lan munduan euskara planak sustatzeko
Nafarroa Oinez festara joateko autobusak
Aurten Etxarri-Aranatz-eko Ikastola arduratuko da Nafarroa Oinez festa antolatzeaz. Urriaren 18an ospatuko da jaia, eta bertara joateko autobusak antolatu ditu Galtzaundik. Izena emateko epea zabalik dago jada. 
Hemen dira Gipuzkoa eta Nafarroako euskararen aldeko jaiak
Etxarri Aranatzen ospatuko den Nafarroa Oinez 2009ra joateko autobusak jarriko ditu aurten ere Galtzaundik. Gerturatu zaitez gure egoitzara izena ematera.

Eskualdeko UEMAko herrietako euskaltegietako matrikulazio kanpaina
Eskualdeko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalek babesa adierazi diote Aitzol Tolosako udal euskaltegiak eta Andoaingo AEK-k abian jarri duten matrikulazio kanpainari. Aurten, udalak ahalegin berezia egiten ari dira herriz herri ikasle taldeak sortzeko, eta, horretarako, udaletxeetan izena emateko aukera eman dute, diru laguntzak eskaintzeaz aparte. Helburu nagusiak hauek dira: erdaldunak euskarara hurbiltzea eta euskaldun alfabetatugabeek alfabetatze taldeetan izena ematea 
Dagoeneko martxan da eskualdeko UEMAko herrietako merkataritza kanpaina. Eskualdean zazpi herrietako establezimenduek jaso dituzte bisitak: Leaburu-Txarama, Ikaztegieta, Irura, Anoeta, Alegia, Aduna eta Altzo. UEMAko Tolosaldeko beste herrietan berriz, irailean gauzatuko da merkataritza kanpaina.

Baztandarren Biltzarrera joateko autobusak
Galtzaundi Euskara Taldeak, uztailaren 19an, Elizondon ospatuko den Baztandarren Biltzarrera joateko autobusak antolatu ditu. Autobusak goizeko 9:00tan irtengo dira Tolosako Tren geltokitik eta itzulera, arratsaldeko 19:00tan izango da.

Tolosaldeko euskararen semaforoa
Eskualdean, euskalgintzaren eremuan eta euskararen inguruan gertatzen diren notizia guztien berri emateko, Tolosaldean blog berria sortu dute. Blogaren helbidea, euskararensemaforoa.blogspot.com da.

Eskualdeko semaforoetan kartel batzuk agertu dira, "Semaforoak euskaraz" leloarekin (ikus argazkiak). Harrigarriena da kartelak ez dituela inork sinatu, eta inork ez duela bere gain hartu kanpaina hori. Oinezkoek zein gidariek harriduraz hartu dute kanpaina, eta herritarren artean hainbat hipotesi zabaldu dira, baina inork ez daki erabateko ziurtasunez nondik sortu den kartel horiek jartzea.

Harategiei zuzenduriko kanpaina eskualdean
Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriak, UEMAk eta Galtzaundik, beste eskualde batzuetako euskalgintzarekin elkarlanean eta udalen laguntzarekin, harategietako hornitzaileei zuzendutako kanpaina martxan jarriko dute.

Galtzaundik Ibilaldira joateko autobusak antolatu ditu
Maiatzaren 31ean ospatuko da Bizkaiko Ikastolen festa Galdakaon. Galtzaundik, autobusak antolatu ditu festaren ospakizunera joateko eta horretarako, Galtzaundiko egoitzan izena eman behar da. Anima zaitezte! 
Anbulatorioetan zerbitzua euskaraz eskatzeko agerraldia
Dagoeneko 11 dira mozioarekin bat egin duten udalak. Maiatzaren 7an, arratsaldeko 19:00tan, Villabonako anbulatorioan egindako agerraldian, Marimi Ugalde, Irurako alkatesak mozioa irakurri zuen. Euskalgintzako eragile desberdinen atxikimenduak jasotzeaz gain, EHEko eta Behatokiko ordezkariak ere bertan egon ziren. 
Alegia, Elduain eta Baliarraingo udalek bat egin dute osakidetzaren aurkako mozioarekin
Tolosaldean, UEMAko hamaika udalek onartu dute mozioa.
Mozioa jendaurrean irakurriko dute Villabonako anbulatorioaren aurrean, maiatzaren 7an, 19:00etan.

Gaztelu, Irura, Amezketa eta Ikaztegietako udalek ere onartu dute osakidetzaren aurkako mozioa
Gazteluko, Irurako, Amezketako eta Ikaztegietako udalek ere onartu dute Osakidetzaren aurkako mozioa. Horrenbestez, zortzi dira mozioarekin bat egin duten udalak, aurreko asteetan Adunako, Anoetako, Orexako eta Altzoko udalek ere onartu baitzuten mozioa. Aste honetan bertan, beste udal batzuek ere osoko bilkuretan eztabaidatu eta bozkatuko dute mozioa. Alegian eta Elduainen, adibidez, gaur bertan bozkatuko dute.

Galtzaundik eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlan hitzarmena sinatu dute
Apirilaren 28an, asteartean, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak elkarlan hitzarmena sinatu dute Ibarrako Kultur etxean. Hitzarmen honen bitartez hainbat ekimen martxan jarri dira eta guztiaren berri eman dute eskainitako agerraldian. 
Hizkuntza Eskubideen inguruko mahai-ingurua
Maiatzaren 3an, Ondarroan ospatuko den Hizkuntza Eskubideen Egunarekin loturik, mahai-ingurua egingo da, apirilaren 29an, arratsaldeko 19:30ean, Villabonako zineko erakusketa gelan. 
Galtzaundi Euskara Taldearen eta Behatokiaren arteko hitzarmena
Apirilaren 28an, asteartean, arratsaldeko 16:00tan, Ibarrako Kultur etxean, Galtzaundi Euskara Taldearen eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arteko elkarlan hitzarmena sinatuko da. Bertan, elkarlanaren nondik norakoak azalduko dira, baita martxan jarrita dauden ekimenak ere.

"Euskaraz seguruago" kanpaina ere Tolosaldean
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Ziurtagiriaren elkarteak abiatu duen Euskaraz seguruago kanpainaren berri eman dute. Egitasmo honen bitartez euskararentzat esparruak garatu eta zabaldu nahi dira, bizitza normaltasunez egiteko. Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu, baina nabarmenak dira egunero topatzen ditugun ezintasunak. Horien adibide dira aseguru-etxekin izaten ditugun hartu-emanak. "euskaraz seguruago" kanpainaren helburua da aseguru-etxeek eskaintzen duten zerbitzua euskaraz ere jasotzea 
VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatuko da Ondarroan
"Euskaraz biziz Euskal Herri euskalduna eraiki" lelopean ospatuko da, maiatzaren 3an, Ondarroan VI. Hizkuntza Eskubideen eguna. Egun osoan euskaraz bizi eta gozatzeko egitarau zabala izango da, kale animazio, herri-bazkari, ikuskizun, gune, kontzertu eta abarrekin. Zesatek! Eta Trikizio taldeak izango dira oholtza gainean. Eguneko leloa ozen aldarrikatzeko manifestazioa eta ekitaldi nagusia ere izango dira bazkalaurrean 
Aduna, Anoeta, Orexa eta Altzoko Udalek onartu dute osakidetzaren aurkako mozioa
UEMAk proposatuta, Adunako, Anoetako, Orexako eta Altzoko udalek Osakidetzaren azken lanpostu deialdiaren aurkako mozioa onartu dute, udal guztietan aho batez. Izan ere, Osakidetzak ez du bermatu eskualdeko anbulatorioetan lanean hasiko diren langile berriak tratua euskaraz emateko gai izango direnik. Tartean, familia medikuak eta erizainak daude, eta deialdiak eskualdeko UEMAko herri gehienei eragiten die.
Hilabetea amaitu aurretik, UEMAko udal gehienetan landuko dute mozioa, eta maiatzaren 7an mozioa jendaurrean irakurriko dute.
Galtzaundik egindako ekoizpenak
Helbidea: Nafarroa etorb., 6; 20400 Tolosa
Tel.: 943 655 004
e-posta: galtzaundi@galtzaundi.com
Laguntzaileak: